Ilusioz eta nere lehenengo posta idazteak sortzen didan urduritasunaz beterik ematen diot hasiera tarte honi. Ez da edozein post, etapa berri bati hasiera ematen dion posta baizik: azken urteotan egin dudan hazkunde eta bilakaera pertsonalaren fruituak agerian jarriko dituen etapa hain zuzen ere.
Gezurra dirudien arren, denbora dexente pasa da etorkizunari buruz gogoeta egin eta nere lekua bilatzeko denbora tarte bat hartzea erabaki nuenetik. Nire lanaren bidez pertsonen ongizatea lortzeko aukera emango didan lekua, egunero gauza berriak ikasteko eta hazten jarraitzeko aukera emango didan lekua bilatzen nuen. Mundua pixka bat hobetzeko nire eguneroko are ale txikia jartzeko lekua.
Batek baino gehiagok esan zidan erotuta nengoela… beste batzuek berriz, ausarta nintzela. Nik uste dut ez naizela ez bata ez bestea… Besterik gabe, nire ustetan egin behar nuena egin nuen. Gaur, atzera begiratzean, ez naiz damutzen… ez nire norabide profesionala aldatzeko erabakiaz eta ezta nire aurreko etapa osoaz ere. Izan ere, bizitzako etapa bakoitzak, bizitako esperientzia guztiek, orain nagoen lekura ekarri naute eta orain naizen pertsona izatea bermatu dute. Eta, etapa berri hau, web orria eta post hau barne, bizitzea den etengabeko hazkunde eta bilakaera prozesuaren pausu bat gehiago da.
Horregatik, Diseñameko Maialenek, marka irudi bezela loto lore bat osatu arte eraldatzen eta irekitzen doan hazi bat erabiltzea proposatu zidanean, aukera ezin hobea egin zuela iruditu zitzaidan: bai nire bilakaera prozesu propioa eta baita zuk bizi dezakezun hazkunde eta bilakaera prozesua irudikatzeko simbolo paregabea da.
Zergatik loto lore bat? Zergatik ez beste edozein lore? Ba oso lore berezia delako. Hasteko, ingurune zailetan, adibidez ingurune zingiratsuetan, bizirauteko gaitasuna duen lorea da. Bere erroak lokatzetan daude eta loratu eta bere edertasun osoz agertu ahal izateko, lokatzetatik hasi, ur geruza zeharkatu eta ur azaleraino iritsi beharra dauka. Hori dela eta, kultura ezberdinek gizakiak jasan ohi dituen bizi prozesu konplexuekin erlazionatu izan dute. Baino ez hori bakarrik: bere haziek ehundaka urte jasan ditzakete ernetu gabe, toki aproposa aurkitu bitartean. Eta, gauean, bere lorea itxi eta urperatzen da hurrengo goizean berriro ere ur azalean agertzeko. Hori dela eta, zenbait kulturatan birsortze eta berpizkundearekin erlazionatu ohi dute.
Post honen bidez, ur azalera iristen naiz eta petaloak pixkanaka irekitzeari ekiten diot, ziklo bati itxiera emanez eta, aldi berean, bizitza ziklo berri bati hasiera emanez.